Ezagutu gure ekimenak

Jabi Loiarte-Lizardi Baserria

Gure ekoizle iraunkorra

Barazki ekologikoen kontsumoa goraka urtez urte

Bere baratze ekologikoko urazaz, zarbaz eta porruz inguratuta, erraza da Jabi Loiarte gitarra jotzen aurkitzea, plazako bezeroei irribarreak ateratzen. «Lana utzi eta amaginarrebaren ortuan hasi nintzen lanean, eta oso pozik nago. Gure bezero guztiak kezkatuta daude jasangarritasunarekin, eta ingurumena errespetatzen duten produktuak kontsumitzea atsegin dute».

 

San Martin merkatuan, Jabi Loiarte da Lizardi baserriaren aurpegia; baina, baserrian, koinatu Joxanekin daramatza, ia 20 urte, buruz buru lanean. Lana utzi eta lurretik bizitzea erabaki zuten biek. «Aitaginarreba-amaginarrebei txanda hartu genien baratzean. Haiek ohiko nekazaritza jorratu zuten, baina niri ez zidan inolako graziarik egiten produktu kimikoez hazitako porruak jateak; horregatik, ekologikoaren alde egitea erabaki genuen», kontatu digu Jabi Loiartek. Hasiera zaila izan zen. Berria zen dena. «Amonaren laguntza berebizikoa izan zen. Eskerrak hari, lanean erakutsi zigun eta!».

Harrezkero, lurra ontzeko eta laboreak izurriteetatik eta gaixotasunetatik babesteko, Lizar baserriko ortuan beren ongarriak prestatzen dituzte belarrez eta mineralez. «Artisau-eran lantzen ditugu gure baratzeak eta, lurra ongarritzeko, geure konposta egiten dugu», erantsi du.

Produktu ugari ditu Jabik postuan. «Barazkiak saltzen ditugu batik bat, baina baita arrautzak, fruta batzuk, txitxirioak, dilistak, eztia, ogia eta abar ere. Gure produktu guztiak ekologikoak eta sasoikoak dira, geure baratzekoak, eta, neguan, beste leku batzuetatik ere ekartzen ditugu, baina ekologikoak beti. Udan, etxekoak dira gehienak. Hasiera zaila izan bazen ere, orain oso pozik gaude saltzen dugunarekin, eta kontsumoa gero eta handiagoa da urterik urte. Gure bezero guztiak kezkatuta daude jasangarritasunarekin, eta ingurumena errespetatzen duten produktuak kontsumitzea atsegin dute. Gainera, bi kontsumo-talde ditugu Donostian».

Nabarmenduta: «Orain ia hogei urte hasi ginen Astigarragako gure Lizardi baserrian nekazaritza ekologikoa ekoizten. Nekazaritza ekologikoaren arauei jarraikiz lantzen ditugu gure fruta eta barazki guztiak».

Lizardi. 0. solairua. Bertako produktuak
www.lizardibaserria.com
 

Banatu

Itzuli